Ostiralean, otsailaren 20an ospatu genituen Inauteriak gure eskolan. Goizean geletan denok txukun txukun prestatu ondoren, 10:00etan kalera irten ginen. Euskal Herriko mozorroak aukeratu genituen guztiok. Kalejiran dantzan joan ginen herriko plazaraino eta han dantza desberdinak egin genituen jende aurrean. Eguerdian eskolara itzuli ginen eta bazkaldu ondoren berriro jantzi eta frontoian goizeko dantzak egin genituen gurasoen aurrean. Bukatzeko txokolatada eder bat prestatu genuen.
Hauek dira aurten jantzi ditugun mozorroak:
Txatxoak eta Mielotxin: Lanzeko inauterietan jazten den mozorroa da. Gure eskolako haur hezkuntzako haurrak ziren txatxoak. Beraiek egin zituzten koloretazko paperekin txano luzeak. Erropa bizi bizia eraman zuten. Oso mozorro polita da. Mielotxin panpin erraldoia sarri txatxoekin joaten da. Oso luzea da eta guk karroza batean eraman genuen.

Zaku zaharrak: Lesakakoak dira. Burua txapelarekin eta oihalarekin aurpegia tapatuta daude.Eskuan makila bat daukate. Gorputzean zaku bat jantzita daramate.

Lamiak: Mundakako herritik hartu dugu mozorro hau. Atorrekin batera ateratzen dira. Gu, 3. eta 4. mailakoak jantzi ginen honela. Gona eta blusa beltz bat daramate, soka txuri bat eta peluka txuri bat ere zapi gorri batekin. Aurpegia txuri eta beltzez margotuta daukate.

Atorrak: Mundakako inauterietako mozorroa da. Musika jotzen dute. Jantzi txuria eramaten dute eta bigote handiak marrazten dituzte. Lamiekin ibiltzen dira dantzan.

Mairuak: Lesakako inauterietan ateratzen den mozorroa da. 5. eta 6. mailakoak jantzi ziren honela. Horretarako oihalekin zati luzeak egin eta jantzian pegatu zituzten.Lastozko txanoan ere oihalezko zatiak moztu eta pegatu zituzten.

Zanpantzarrak: Zubieta eta Ituren herriko mozorroak dira. Edozein jaietan jende asko ibiltzen da zanpantzarrez jantzita. Joareak jotzen dituzte baina gure eskolakoek latazko pote batzuekin egin zituzten benetako joareak asko pisatzen dutelako. Joaldunek kaletikan dantzatzen ari ginela erritmoa markatzen zuten. Guk zanpantzarrak deitzen diegu baina beste herri batzuetan joaldunak, ttuntturroak e.a.
No hay comentarios:
Publicar un comentario